MARTXOAK 8
EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA
Emakumeen Nazioarteko Eguna da Martxoak 8, eta egun honetan emakumeek jendartean berdintasuna lortzeko egiten duten borroka gogorarazten da, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren aurkako aldarrikapenak egiten direlarik.
Emakumeen Nazioarteko Egunaren jatorria ez da egun zehatz eta isolatu batean kokatzen, hau da, testuinguru historiko eta ideologiko zabalago batean kokatu beharra dago. Data honen historia ulertzeko emakume langileek XIX eta XX mendeetan zituzten lan baldintzak hobetzeko hainbat borroka izan behar dira kontuan.
Honen harira, egun honen aurrekarietako bat da 1909ko otsailaren 28a, Ameriketako Estatu Batuetan Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu zenean. Bi urte beranduago 1911ko martxoaren 25ean, 146 pertsona baino gehiago (123 emakume eta 23 gizon) hil ziren New Yorkeko Triangle Shirtwaist lantegian izandako sute batean, fabrikaren arduradunek eraikina itxi zutenez ezin zirelako barnetik irten. Egun batzuk lehenago, Europako zenbat herrialdetan Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen hasi zen, emakumeentzako botoa, kargu publikoetara iristeko eskubidea, lanerako eskubidea edo hezkuntzan berdintasuna eskatuz.
1975ean Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeen Nazioarteko Urtea” ospatu zuen eta bi urte beranduago Emakumeen Nazioarteko Eguna onartu zuen, helburua “emakumeen eskubideak eta nazioarteko bakea” zirelarik. Baina, zer gertatu zen 1911tik 1975a bitartean? Gutxinaka data egonkortzen joan zen eta Emakumeen Nazioarteko Eguna zabaltzen joan zen herrialde guztietan zehar.1977an ospatu zen lehen aldiz Emakumearen Nazioarteko Eguna Euskal Herrian, Bilbon konkretuki. Eta hortik aurrera eguna ospatzen jarraitu da. Urtero kanpainak burutzen dira Martxoaren 8aren harira eta hauetan emakumeen eskubideen hainbat alderdi jorratzen dira: zaintzak, biolentzia eta presio estetikoa, heteropatriarkatua, lana… Emakundeko web gunean ikusi daiteke zein den urte bakoitzean burututako kanpainak.
Gainera 2018an lehen aldiz Nazioarteko Greba Eguna egin zen eta mundu osoko emakumeek kaleak aldarrikapenez bete zituzten.