MAIATZAK 28

HILEKOA ETA POBREZIA MENSTRUALA

Hilekoaren inguruko pobreziak hilekoaren higienerako produkturik ez izatean oinarritzen da, baina baita edateko urik, xaboirik eta higiene eta osasun intimorako funtsezko beste baliabiderik ez izatean ere. Ziklo menstruala prozesu natural eta osasuntsua da ugaltzeko adinean dauden neska eta emakumeentzat, eta gutxi gorabehera 28 egun irauten du, nahiz eta laburragoa edo luzeagoa izan daitekeen. Ziklo horiek koherenteak izan daitezke, baita aurreikusteko modukoak ere, baina aldatu ere egin daitezke, bereziki menarkiaren ondorengo lehen urteetan.

Aldaketa batzuk, odoljarioa ez izatea adibidez, haurdunaldiaren seinale dira. Beste aldaketa batzuk antisorgailuen erabilerarekin, estresarekin, nutrizioarekin, jarduera fisikoarekin edo osasun-arazoekin lotuta egon daitezke. Zikloaren aldaketa batzuk zahartzearen berezko parte dira.

Pobrezia menstrualak, ikuspegi zabal batetik, higiene eta osasun menstruala eta hilekoari buruzko hezkuntza barne hartzen ditu, eta hilekoaren kudeaketari hilero aurre egin behar dioten emakume eta neskato guztiei eragiten die modu batean edo bestean. Emakume batzuek aurre egin beharreko zailtasun gehigarriek diskriminazio erantsia dakarte, eta, nolabait ere, generoaren egiturazko desorekaren indargarri gisa jokatzen du hilekoak. Ikuspegi intersekzional horretatik, pobrezia menstruala oztopo handiagoa da kalteberatasun-egoeran dauden emakumeentzat. Hilekoak modu desberdinean eragiten du, bizi izandako esperientziek, beharrek eta inguruabarrek baldintzatuta, eta faktore horiek eragina dute hilekoaren gaineko bizipenetan, eta oso kontuan hartu behar dira osasun menstrualeko beharrak egoki asetzeko.